XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Karnabaletan ere laletxe gara

Aretxabaletan ihauteriak indartzen ari direla dio jendeak.

Beharbada, orokorrean gure herrietan eta mundu libre zibilizatuan (pobreek eta gorriek zer egiten duten, auskalo) indartzen ari direlako ari dira indartzen Aretxabaletan ere, edo aldrebes igual.

Kontua da haratuzteak gero eta jende gehiagok ospatzen dituela, nahiz eta haragi-uzteak gero eta gutxiagok egin, Aretxabaletan.

Hainbat Udaletxetako zinegotzi jaunak karnabal jai-ereduak inbentatu ezinean dabiltzan honetan, gure herrian bada berez-edo omen dagoen dantza berezi bat.

Karnabal igande goizean herriko mutil gazte koadrila bat ibiltzen da kale nagusian Txino Dantza eginez, edo saiatuz.

Gazte hauek zakur jantzita, zarpail eta aurpegia beltzez zikinduta dutela doaz bi lerrotan, zentzu haundirik gabeko kanta bat kantatuz eta mugimendu berezi batzu eginez.

Etnologian aditu batek dantza obszenoen multzoan sailkatuko luke, Txino dantzaren jatorria aspalditik dator batzuren ustez, ikazkinak ihauteritan herrira jeitsi eta emakume falta salatzeko dantza egiten zuteneko garaietatik.

Herrikoak, batez ere antzestraltasuna zahartasunarekin identifikatzen dutenak, jarriagoak dira jatorri aintzinako eta lokalean sinistera.

Kanpotar batek, dantza honek doinuan eta egituran hainbat herritan egiten den Sorgin Dantzarekin parekotasun susmagarriak dituela esan zigun behin.

Baina zer, ez da hori bakarrik ihauteri igandez Aretxabaletan (eta usadioz, ez pentsa) egiten dena.

Kontu hau, herri askotan egiten den Santa-Ageda eskeko ohitura eta kintoak biltzearen ohituraren nahaspila da, plazan dantzasoka egiteko ohituraz orraztua.

Asunto guzti honetan emakumezkoek jokatzen duten papera pasibo samarra da; dantza-sokan mutilek ateratzen dituzte eta gero txokolatadara inbitatzen, bestalde plazan dantzak ikustean txalo egiteko aukera ere badute.

Bueno, Txino dantza ere mutilek bakarrik egiten dute, ez nintzen konturatu.

Badakit zer pentsa litekeen, baina usadioak ez dira nolanahi aldatzen ibiltzekoak.

Hau dena gutxi balitz,, gainera orain Txinoaren Entierroa izeneko ideia berri eta izugarri orijinala asmatu dute, konpletatzeko.

Ez da usadioa, baina Aretxabaletako Udal Txit Gorenak usadio berri baten bultzatzailetzat oroitua izatea lortuko du seguruenik.

Horrela, hainbeste ekitaldi bereziren artean jendea gero eta gehiago mozorrotzen da Aretxabaletan.

Jakintsuak esanda, mozorroztea errutina hautsiz gure izaera adierazteko bide ezinobea dela uste dugu eta gainera horrela beste urte guztian betiko formak gordetzen jarraitzeko indarra ematen digu. Jon Sarasua (Bertsolaria).